KOKOAK

2024-12-16

Kokoak.eus: Sormena, marrazketa eta jolasa, euskaraz  

Kokoak.eus webguneak sormenarekin eta marrazketarekin lotutako eduki eta material ugari eskaintzen ditu, guztia euskaraz. Eider Eibar eta Iskander Sagarminagaren proiektu honek ikuspegi pedagogiko argia du: haurrei jolasean oinarritutako ikaskuntza esperientziak eskaintzea eta, aldi berean, euskararen erabilera sustatzea. Marrazkien bidez, etxeko txikienen sormena piztu eta euskarazko gaitasunak garatzeko aukera ematen du.

alt

Webguneak atal interesgarriak ditu, besteak beste:

Mugi Muki

Euskarazko estiker eta gifak aurkitzeko eta deskargatzeko atala da. Sare sozial bidez partekatzeko aproposak dira, eta euskaraz komunikatzeko modu dibertigarria! Lagunak zoriontzeko, agurtzeko edo mezuak apaintzeko… sartu Mugi Muki atalean eta deskargatu zure gogokoenak!

Maeiour

4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako aplikazio interaktiboa. Mae, Io eta Ur pertsonaiekin batera, hainbat gai landuko dituzte haurrek, hala nola: natura, unibertsoa, uraren zikloa, metamorfosia, fosilak eta zenbakiak. Edukiak joko formatuan aurkezten dira, eta haurrek euskarazko kontzeptu eta termino berriak modu naturalean ikasteko aukera izango dute.

Marra-marra

Atal honetan, erabiltzaileek gustuko dituzten irudiak deskargatu eta inprimatu ditzakete, nahi bezala koloreztatzeko. Sormena eta artea sustatzeko aukera paregabea da, eta haurrei beren irudimena eta trebetasun artistikoak garatzeko bidea eskaintzen die.

Eguberrietako oporraldietarako denbora-pasa inspiratzaile eta dibertigarria behar baduzu, bisita ezazu Kokoak.eus.

Ikasi, pentsatu eta sortu… EUSKARAZ!