Metrokoadroka: euskarazko antzerkiaren mugak gainditzen dituen sormen kolektiboa
2024-12-02
Kulturaren epizentroan murgilduta gaude. Durangoko Azoka, urtero bezala, euskal kulturaren erakusleiho bilakatuko da abenduaren 5etik 8ra. Liburuak, musika, antzerkia... euskarazko sorkuntza espazio bakar batean elkartuz, Azokak euskal kulturaren aniztasuna eta bizitasuna nabarmenduko ditu beste urte batez. Testuinguru honetan, Metrokoadroka kolektiboaren proiektua dakarkizugu.
![alt](https://gozatusareaneuskaraz.eus/media/400/download/metrokoadroka.jpg?v=1)
Zer da Metrokoadroka?
Metrokoadroka Kolektiboa euskarazko arte eszenikoen eremuan aritzen den esperimentazio eta sormen talde bat da. 2008an sortua, kolektibo honek antzerkia tradizioz harago eramatea du helburu, askotariko diziplinen arteko elkargunea bilatuz eta mugak gaindituz. Antzerkiaren ikuspegi berritzailea lantzen dute, formatu ezohikoak eta publikoarekin harreman zuzena sustatuz. Ikuslea ez da haien lanetan soilik hartzaile, baizik eta maiz parte-hartzaile ere izaten da, esperientzia kolektiboen bidez.
Haien proiektuak beti egokitzen dira prozesu bakoitzaren beharretara, sortzaileei askatasun osoa emanez eta artearen adierazpen aniztasuna bultzatuz. Metrokoadrokaren lanetan, euskara eta sormena ardatz dira, bai eta kulturaren inguruko ikuspegi kritikoa ere.
Eta zuk, Metrokoadrokaren antzezlanak ikusi dituzu?